XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Labur esanda, iraultza zientifiko bakoitzaren ondoren berehala berridatzi egin behar dira eta berridatzi ondoren, ezinbestean disimulatu egiten dute izan duten zeregina eta horretaz gain baita sortu zituzten iraultzen existentzia bera ere.

Bere bizitzan zehar bere baitan iraultza jasan ez badu behintzat, zientzilari aktiboaren edo edozein testuliburu-irakurle profanoren zentzu historikoa arloko iraultzen emaitza berrienetara soilik hedatuko da.

Beraz, testuliburuak bere disziplinaren historiari buruz zientzilarien zentzua mozten hasten dira eta jarraian baztertu dutenarentzat ordezkoa eskaintzen dute.

Testuliburuen ezaugarria da histori apur bat soilik edukitzea, bai hitzaurrean edo (maizago) bai aurreko garaiko heroe handien erreferentzia sakabanatuak ipinita.

Erreferentzia horien bidez bai ikasleak eta bai profesionalak tradizio historiko zabalaren partaide sentitzen dira.

Hala ere, testuliburuetatik ondorioztaturiko tradiziorik, zeinetan zientzilariak partaide sentitzera iristen diren, ez da benetan inoiz existitu.

Ageriko eta oso funtzionalak diren arrazoiengatik, testuliburu zientifikoak (eta antzinako zientziaren historia gehiegi) iragandako zientzilarien lanaren zatiei soilik dagozkie eta erraz ikusi ahal dira testuliburuen arazo paradigmatikoen soluzio eta enuntziatuaren laguntza gisa.

Hein batean hautespenagatik eta bestean distortsioagatik, aurreko garaiko zientzilariak inplizituki arazo finkoen multzo berean eta iraultza berriak teorian eta metodologia zientifikoan arau finkoen multzo berarekin lan egin izan balute bezala aurkeztu dira.

Beraz, ez da harritzekoa testuliburuak nahiz horrek berarekin daraman tradizio historikoa, iraultza zientifiko bakoitzaren ondoren berehala berridatzi behar izatea.

Eta ez da harritzekoa, berridazterakoan zientzia berriz ere neurri handi batean metagarri bezala azaltzea.

Noski, zientzilariena ez da beren disziplinaren iragana bere egungo egoerarantz garapen lineal moduan ikusteko joera duen talde bakarra.

Historia atzerantz idazteko tentaldia guztiz present dago eta iraunkorra da.